XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIAK ETA GIZONAK. GORBATCHEV PARISEN

Pariserat jin da aste huntan Gorbatchev ruso komunixt alderdiaren lehen segeretarioa, erran nahi baita Rusiako lehen buruzagia, frantses gobernu gizonekin solas egiterat Frantziaren eta Rusiaren arteko kurutzamenez, bai eta munduko politikaren gora beherez.

Mendebalari bere lehen bisita Frantzian nahi izan dako egin Gorbatchev jaunak.

Ez dute alabainan elgarren artean arrangura haundirik bi herriek.

Duela zenbait hilabete frantses gobernuak haizatu zituen Frantzian bizi ziren ruso diplomatzale eta enpleatu batzu.

Bainan ahantzia ditake gertakari hori.

Angelesekin eta Alamaniarekin ditu orai Rusiak espiun ixtorio eta makurrak.

DENAK EZ KONTENT

Gorbatchev jaunaren bisitaren berriak haro eta eztabada sor arazi du Frantzian berean, eta paradaz baliatu gogo zuten multxo eta talde manifeztazione zenbaiten muntatzeko, molde hortan nahi zutela Frantseseri oroit arazi gizonaren eskubideak zangopilatuak direla Rusian, gobernuaren kontra direnak preso direla altxatuak edo eritegietan sartuak ments kondu.

Oroz gainetik girixtinoek dute sofritzen nahi dutelarik beren sinesteari jarraiki.

Horiek hola, Rusian berean Gorbatchev ari da bere larderiaren hedatzen deneri.

Emeki emeki baztertzen ditu kargudun zaharrak, Brejnev-ek eta Andropov-ek kargu horietan sar araziak zituztenak, eta bere gizonak, bere adixkide segurak ditu hetan ezartzen.

Gisa hortan kanbiamendu batzu egin ditu gobernuan, eta orai lehen lau gobernu gizonak dira Gorbatchev-en kidekoak, lauak adin hoberenean eta lauak gizon kapableak omen.

Gromyko jauna, aspaldiko azeri zaharra, utzi du bere karguan, deputatuen biltzarraren buru.

ONU-ko BILTZARREAN

Egun hautan berriketariek aipatu dute New-York-en ONU-ak egin duen biltzar nausia.

Harat jinak ziren arrotz herriekilako minixtro frango, eta bakotxak nahi izan du egin bere mintzaldi berezia.

Aipatu dituzte bereziki Genovan eta Vienan, Autrixiako hiri nausian desarmamenduaz eginak diren solasketak, denek gogoan zutela hazaroaren lehen egunetan Gorbatchev rusoak eta Reagan amerikanoak egin beharra duten bilkura.

Gorbatchev-ek mezutu dako Reagan-i prest zela nuklear armamenduen azkarki ttipitzeko, Amerikak uko egiten balu IDS delako programari.

Reagan-ek ihardetsi dako etzitakela gai hortaz traturik egin.

MINTZATZEKO PARADA

ONU-ko biltzar nausian aurkitzen baitira erresuma mota frango, berdin aspaldian elgarren artean ofizialki solasik egiten ez dutenak, paradaz baliatzen dira herri horietako minixtroak preseski zenbait solasen egiteko.

Eta berriketariak barrandan daude jakin nahiz nork nor ikusi duen.

Schultz amerikano minixtroak eta Chevardnadze rusoak elgarren artean solasta diten, ez da hortan deus harritzekorik, aspaldiko usaia dute.

Bainan ohartgarri da ruso minixtroak junt egin dezan Xinako minixtroarekin, beti makur baitira bi herri horiek.

Eta aldi huntan jakin arazi dute herri barneko berri eman dutela elgarri eta Chervardnadze jaunak itzuli bat eginen duela Pekineraino... okasionea halakoa gertatuko delarik!

Hungriako eta Izraeleko minixtroek ere elgar ikusi dute, ez baitzen holakorik gertatu 1967-az geroz, diplomatiko kurutzamenak hautsi baitzituzten sei egunetako gerlaren ondotik.

Gisa berean Hussein erregeak jakin arazi du ONU-ko biltokian, onartzen zuela direktuki mintzatzea Izraelekin.

Judu gobernu gizonek haatik ez dute sinesterik haren solasetan, eta oroz gainetik ez dezakete onar Jordanianoekin solas egitea heien juntatzen balinbadira Paleztindarrak, eta ez ditu Chypren gertatu denak hortarat ekarriko, hau OLP-ekoek garbitu dituzte hiru Izraeldar.

HEGOKO AFRIKAN

Beti bezain nahasiak ziren joan den astean bazterrak Hego-ko Afrikan.

Ez da haatik batere lotsatua Botha presidenta.

Berriz ere garbiki erran du ez duela gobernuak beltzeri bozkatzeko eskubiderik emaiteko xederik, horrek sar araz bailezake omen zozialixt diktatura Hego-ko Afrikan eta holakorik ez du nahi, funtsean hango jendek ere ez.

Angles gobernuak jakin arazi du Merkatu Komuneko bertze bederatzi erresumeri juntatzen zela, onartzen zituela hek Hego-ko Afrikaren kontra ezarri gaztiguak.

Egia erran, aspaldian berak ezarriak zituen gaztigu horietarik frango Hego-ko Afrikano gobernuari konpreni-arazteko uko egin behar duela bere politikari.

HAN HEMENKA

Frantzian, iduriz bederen eztitzerat ari balinbaziren Greenpeace delakoak sor arazi eztabadak, Alamanian ez dira osoki bururatuak espiunak direla kausa izan dituzten kalapitak.

Deputatu talde bat izendatu beharra dute, zozialixtek galdeginik, miatzeko zer den gertatu xuxen, ea gobernuak ez duenetz bere hobena hoinbertze espiun sartu balinbadira gobernuko enpleatuen arterat.

Gisa berean, Greziako gobernuari ere nahigabe zenbait sortu zaizko, marinel aintzindari bat eta elektronikan ari ziren bi ofiziale preso ezarri baititu poliziak espiungoan ari baitziren Rusiarentzat.

Papandreou lehen minixtroaren kontrakoak paradaz baliatzen dira gobernuaren jorratzeko, diotela sobera adixkide agertzen dela Rusiarekin.

Lehen minixtroak ihardesten diote ez dela espiunak direla kausa samurtu behar Rusiarekin.

Beha Angleterrari, harek ere baditu molde bereko ixtorioak, ez baititu hortako hausten Rusiarekin diplomatiko kurutzamenak.